AZPIKONTRATAZIOA, ete azpikontratistei soilik eskainitako azoka bakarra Espainian

Fabrikazio-kate osoko enpresek hartuko dute parte  AZPIKONTRATAZIOAren 17. azokan, guztira 24 herrialdetako 592 enpresa erakusketari bertaratuta, nagusiki Portugal, Italia, Frantzia, Alemania, Maroko,  Belgika, Errumania eta Suitzakoak. 1981ean abiatu zenetik, Merkataritza Ganberen eta Elkarte Sektorialen babesa funtsezkoa izan da era honetako azoka antolatu ahal izateko, eta berau bilakatzea eta sektoreko beharretara egokitzea ahalbidetu du.

Enpresa parte-hartzaileen % 80 fabrikazio-prozesuen hornitzaileak izango dira, nagusiki eskainiak txirbil-harroketa bidezko eta gabeko piezen transformazioari eta fabrikazioari (% 30), galdaketari (% 28), bukatutako edo erdi-bukatutako piezen fabrikazioari (% 16), tratamendu termiko eta gainazaleko estaldurei (% 11) eta plastikoaren eta kautxuaren transformazioari  (% 8). Fabrikaziorako ekipoen gunea erakusketako gainerako % 20 izango da, eta bilduko ditu galdaketa, forjaketa, gainazalen tratamendua, soldadura eta siderurgiarako ekipo eta horniduren enpresak (% 34), lanabesak, erremintak eta makineria bereziaren fabrikazioa (% 28), metrologia eta CAD-CAM (% 16) eta kodifikazioa, markatzea eta identifikazioa (% 5), besteak beste.

Aurten, gainera, AZPIKONTRATAZIOA azokak beste pauso bat emango du berrikuntzaren eta teknologia berrien arloan, bi esparru berri txertatuta. Fabrikazio gehigarriaren gunea Fabrikazio Gehigarriaren eta 3Dren Espainiako Elkarteak (ADDIMAT) sustatuko du eta makinen, ekipoen, kontsumigarrien eta piezen enpresa fabrikatzaileak bilduko ditu, hala nola horiekin erlazionaturiko banatzaileak, ingeniaritzak eta zerbitzuak, beren azken garapenak aurkeztuko dituztenak. Material konposatuen industriarako gunean, Gipuzkoako Ganberaren laguntzari esker, “konpositeen” osagaien fabrikazioaren balio-kate osoko enpresak izango dira, lehengaien hornidurarekin, moldeen fabrikazioarekin, transformazioarekin, fabrikazio-teknologiekin, diseinuarekin eta ikerketarekin lotuak.

Azpikontratazio Industrialaren Topaketa Europarra

Profesionalek beren produktuak fabrikatzeko irtenbide erabat egokiak topatuko dituzte AZPIKONTRATAZIOA azokan, berariazko merkataritzako formatua eskainiko baitu, erakusketa, jardunaldi teknikoak eta puntako nazioarteko erosleekin gauzatzeko B2B elkarrizketa-programa uztartuta.

Hala, Azpikontratazio Industrialaren Topaketa Europarra herrialdean gaurdaino eginiko elkarrizketa-foro handiena izango da, 1.500 topaketatik gora kudeatuko diren heinean. Gune horrek aukera emango die trenbideen, energiaren, siderurgiaren, medikuntzaren, etxetresna elektrikoen, petrokimikaren, makina-erremintaren eta automobilgintzaren sektoreetako erosleei hornitzaileak, teknologia aurreratua, euren proiektuetarako erantzun zehatzak eta, finean, negozio-aukera berriak aurkitzeko. Aurreko edizioa bukatutakoan egindako estatistikek adierazi zuten handia izan zela kontratu eta eskarien burutze-maila.

Enpresa aeronautikoek ere izango dute agenda hitzartuen programa, hala nola hitzaldiak eta mahai-inguruak, AEROTRENDSen. Maiatzaren 28an izango da jarduerarik biziena sektore horren inguruan. Egun osoan, Ik4 Research Alliance, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragón Unibertsitatea, Tecnalia Fundazioa, CTA eta Hegan-ek antolaturiko hitzaldiak garatuko dira, “Fabrikazio aeronautikoaren etorkizuneko joeren panoramika orokorra Industria 4.0 estrategiaren baitan” izenburupean.

Topaketa biak daude Bartzelonako Merkataritza Ganberak, Bilboko Ganberak eta BECek antolatuta, eta Espainiako Azpikontratazio Poltsen Sarearen laguntza dute.

Azkenik, AZPIKONTRATAZIOA azokak hainbat Jardunaldi Tekniko eskainiko ditu: “Joerak, beharrak eta aukerak automobilgintzaren sektorean”, ACICAE-Euskadiko Automobilgintza Klusterrak antolatua, “Material konposatuko osagaien eta egituren fabrikazio lehiakorra”, TECNALIAren eskutik, eta sektore industrialean fabrikazio gehigarriaren eta 3D inprimaketaren garrantziari buruzkoak, besteak beste ADDIMAT, Tecnalia, EHU, Tumaker, Grupo Nicolás Correa Láser, Pixel Sistemas eta Grupo Sicnovak garatuak. Bestetik, Gainazalen Akaberen Industrien Elkarteak (AIAS) dagokion sektorearen gaurkotasuna aztertuko du hiru saiotan: “Ingurumen-baimenaren egungo egoera, funtsezko aldaketa, oinarrizko txostena eta aldizkako ikuskaritzak”, “Aurretiko tratamenduak eta azken akaberak: azken garapenak prestaketan eta metalen gaineko azken akaberan” eta “Mekanizatzeko ebakidura-erreminten estaldura sektore aeronautikoan”.

Datak: 2015eko maiatzaren 26tik 29ra

Antolatzailea: Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.subcontratacionbilbao.com 

-ek idatzirik |2015-05-21T15:50:03+02:0018 de maiatza de 2015|Albisteak|0 Iruzkinak

Iruzkin bat utzi

Go to Top