Industria sendotu egin da BEC-en 65 herrialdetako bisitariekin

Ezarri dira datak 2017rako: bost azokak ekainaren 6tik 8ra egingo dira

“Oso asegarri” gisa baloratu da aurten bost azokak egin izana: FERROFORMA, AZPIKONTRATAZIOA, FITMAQ, PUMPS & VALVES eta MAINTENANCE, maiatzaren 26tik 29ra Bilbao Exhibition Centren. 65 herrialdetatik eta Estatuko ia erkidego guztietatik etorritako profesionalak, 18.500 baino gehiago, izan dira deialdian, urteko topagune industrial nagusia bihurtuta Europako hegoaldean.

Bisitariak, nagusiki, etorri dira Maroko, Aljeria, Kolonbia, Mexiko, Peru, India, Alemania, Belgika, Frantzia, Holanda, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Turkiatik. Nazio-mailan, profesionalen % 48 EAEtik kanpokoak izan dira, batik bat Andaluzia, Madril, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Kantabria, Galizia eta Nafarroakoak. Aste osoan antolaturiko jardunaldietan, guztira 1.439 lagunek hartu dute parte.

Ia 1.200 enpresa erakusketari bildu dira aparteko plataforma industrial honetan. Bertan, teknologia eta zerbitzu aurreratuenak erakutsi dira fabrikaziorako prozesu eta ekipoetan, hornidura industrialean, burdingintzan, brikolajean, bigarren eskuko eta aukerako makinerian, ponpa eta balbuletan eta mantentzean. Sektoreen arteko sinergiak izan dira azoken osagai bereizle nagusietako bat. Erakusketariek eurek jokatu dute aldi berean eginiko beste azoketako bezero aktibo gisa.

Bost azoka industrialak egin direla baliatuta, Industria Plana 2014 aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustapen eta Lehiakortasun Sailak sustatua. Prentsaurrekoan, Arantza Tapiak adierazi zuen zuzeneko eragina izan zuela 3.627 egitasmo industrialetan, 3.490 lanpostu gehiago sortu zituela eta gutxienez beste 16.121 posturi eusten lagundu zuela. Era berean, 5 proiektu burutu ziren 44,5 milioi euroko zuzeneko inbertsioarekin, “Invest in Basque Country”  estrategia oinarri.

Hirugarren egunaren bukaeran, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustapen eta Lehiakortasun Sailburu eta BECeko Administrazio Kontseiluaren Presidente Arantza Tapiak harrera ofiziala egin zien Guggenheim Museoan bost azoka industrialetako parte-hartzaileei -nazioarteko erakusketari, bisitari eta hedabideei-. Ekitaldian, era berean, Xabier Basañez BECen Zuzendari Nagusiak hartu zuen parte; “apustu estrategiko” honen funtsezko gakoak azaltzeaz gain, bertaratuak azoken egungo balio handietako bati etekina ateratzera eta berau gozatzera gonbidatu zituen: tratu pertsonala.

Azkenik, 2017ko edizioak baditu datak: FERROFORMA, AZPIKONTRATAZIOA eta FITMAQ ekainaren 6tik 8ra.

FERROFORMA, Burdingintza, Brikolaje eta Hornidura Industrialaren Nazioarteko Azoka

Sektorizazio berriarekin, “Industry” eta “Home” guneen bereizketan oinarritua, 25 herrialdetako 355 erakusketarik beren produktuak erakutsi dituzte FERROFORMA azokan. Aste osoan, 40 herrialdetako baino gehiagotako erosleak etorri dira azokara: Ekuador, Tunisia, Zipre, Mexiko, Maroko, Kolonbia, Egipto, Saudi Arabia, Jordania, Aljeria, Israel, Turkia, Portugal, Sudan, Maurizio, Argentina, Frantzia, Estatu Batuak, Brasil, Kanada, Tailandia, Txile,  Kazakhstan eta Zeelanda Berrikoak. Gonbidatuei bi harrera ofizial eskaini zaizkie. Horietan, parte hartu dute Cristina Campok, BECeko Bisitarien Zuzendariak, eta Elene Cepedak, Burdingintza eta Hornidura Industrialeko Eskuin-Klusterren Zuzendariak, azokari buruzko informazio praktikoak eta datu sektorialak eskaintzeko. Klusterra osatzen duten 31 enpresek 318 milioi euro fakturatu zituzten 2014an, eta ekitaldi honetan kopuru hori % 5,12 handitzea aurreikusten dute.

FERROFORMA azokako programazioak lehenbizikoz izan ditu B2B topaketak, guztira 1.200 elkarrizketa kudeatu dira horien baitan. Gainera, Berrikuntzaren eta Diseinuaren II. Lehiaketako Sariak banatu zaizkie Industrial Precisión Tools, Villahestia, Urko Tools eta SNA Europe Industries Iberia enpresei. Produktu berritzaileena burdingintzan zuntzeko zinta konpontzailea izan da,  Industrial Precision Tools enpresarena; brikolajean, Villahestiaren  Nanotextile & Leather nabarmendu da; eta hornidura industrialean, estutze hidraulikorako torniketea, Urko Toolsena. Bestetik, SNA Europe Industries Iberia enpresari FERROFORMA 2015eko enpresa erakusketari onenaren saria eman diote. Aldibereko jardueren egitarauan, era berean, saioak eskaini dira e-commerce eta marketin digitalaren eta sarrailagintzaren gainean, baita zuzeneko erakusketak ere “Home” gunean.

AZPIKONTRATAZIOA, Fabrikaziorako Prozesu eta Ekipoen Nazioarteko Azoka

Guztira 24 herrialdetako 592 enpresa erakusketari izan dira AZPIKONTRATAZIOA azokan, nagusiki Portugal, Italia, Frantzia, Alemania, Maroko, Belgika, Errumania eta Suitzakoak. Azokak, aurten, bi eremu berri izan ditu erakusketan. Fabrikazio gehigarriaren gunea Fabrikazio Gehigarriaren eta 3Dren Espainiako Elkarteak (ADDIMAT) sustatu du, eta, aldi berean, elkarteak bere lehen Zuzendaritza-batzordea eratu du azokan. Erakundea Bilbao Exhibition Centre, Danobat Group, Egile Corporation XXI, Fagor Automation, Goratu, Ibarmia, Ikor Sistemas Electrónicos, Kondia, Leartiker, Sicnova 3D eta Tumaker entitateen ordezkariek osatzen dute eta Presidentea Danobat Groupeko Antxon López Usoz izango da. Material konposatuen industriarako atondutako gune berezian, Gipuzkoako Ganberaren laguntzari esker, “konpositeen” osagaien fabrikazioko balio-kate osoko enpresek eskaini dituzte erakusketak.

Bestetik, azokan Azpikontratazio Industrialaren Topaketa Europarra egin da, goi-mailako 1.500 bilera burututa. Nazioarteko erosleek, besteak beste Nivell, Prisma Colour, Sven Müller, Aset, Dalbi, Safra Saura y Comeca, Ascorel, SKF, Sener, Zodiak Aerospace, Gutmar eta Vignal System enpresetakoek, hartu dute parte foro honetan, orain arte herrialdean eginiko handienean. Enpresa aeronautikoek ere izan dute beren agenda hitzartuen programa, hala nola hitzaldiak eta mahai-inguruak AEROTRENDSen. Maiatzaren 28an izan zen jarduerarik biziena sektore horri dagokionez; egun osoan, Ik4 Research Alliance, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragón Unibertsitatea, Tecnalia Fundazioa, CTA eta Heganek antolaturiko hitzaldiak eskaini ziren, “Fabrikazio aeronautikoaren etorkizuneko joeren ikuspegi orokorra 4.0 Industria estrategiaren baitan” izenburupean.

FITMAQ, Bigarren Eskuko eta Aukerako Makineriaren Nazioarteko Azoka

Erakusketariek positiboki baloratu dituzte FITMAQen garaturiko harreman komertzialak; 2013an, lehen edizioan, indize altuak eskuratu zituzten eskari-lorpenari dagokionez. Bigarren eskuko makineriaren estatuko azoka bakarra eta sektorearen erakusleiho adierazgarri baino adierazgarriagoa denez, FITMAQek nazio-mailako eta atzerriko erosleak erakarri ditu, besteak beste, Portugal, Txekiar Errepublika, Mexiko eta Perukoak. Makinak funtzionamenduan ikustea da FITMAQen balio erantsietako bat, eta erakusketan, nagusiki, ondokoak izaten dira ikusgai: tornuak, fresatzeko makinak, mandrinatzeko makinak, mekanizatzeko zentroak, artezgailuak, torneatzeko zentroak, elektrohigadura, trontzatzeko makinak, tolesteko makinak, puntzonatzeko makinak eta zizailak.

PUMPS&VALVES, Ponpa eta Balbulen eta Prozesu Industrialen Nazioarteko Azoka, eta MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Nazioarteko Azoka

Guztira 225 enpresa erakusketarik erakutsi dituzte ponpen, balbulen eta prozesu industrialetarako ekipamenduen sektoreko beren produkturik berritzaileenak PUMPS&VALVES azokan, hala nola mantentze-zerbitzuen aukera osoa MAINTENANCE azokan. Azoka berriek bi gune oso espezializatu eta balio erantsi handikoak eskaini dizkiete bisitariei, eskakizun-maila handiko sektore profesionaletako eskariei erantzuteko diseinatuak.

Azoka bietan antolaturiko jardunaldietan –“Hutseko konponbide berritzaileak energia aldetik eraginkorrak”, “Ihesak. Neurketa-unitateak. Detektatzeko metodoen abantailak eta desabantailak”, “Kabitazioa, Erosioa eta Korrosioa”, “Eragingailu automatikoak eta balbuletarako serboak”, “Ponpa eta balbuletarako ATEX funtsezko baldintzak”, “Sareen Kontrola eta Monitorizazioa”, “Ingeniaritza Higienikoa”, “Oil&Gas”, “Mantentze Aurreratua 4.0 Industryren esparruan” eta “Mantentze Prebentiboa eta Segurtasuna”, besteak beste- publiko ugarik hartu zuen parte. MAINTENANCE azokako Workshopetan eta Petronor, Bahía de Bizkaia Gas eta Bahía de Bizkaia Electricidad enpresetara eginiko bisita teknikoetan ere profesionalen parte-hartzea esanguratsua izan zen.

Komunikazio Saila, 2015eko maiatzaren 29an

-ek idatzirik |2016-04-14T09:44:39+02:001 de ekaina de 2015|Albisteak|0 Iruzkinak

Iruzkin bat utzi

Go to Top