Aeronautika, automobilgintza eta ekipamendu-ondasunen arloko enpresa liderrek hartuko dute parte Subcontratación azokan

Ekainean izango bada ere, dagoeneko % 85 beteta dago azokaren erakusketa eremua  

Aeronautika, automobilgintza eta ekipamendu-ondasunen sektoreetako enpresa liderrak, besteak beste, dagoeneko eman dute izena SUBCONTRATACIÓN’19 Fabrikaziorako Prozesuen eta Ekipamenduen Nazioarteko Azokan bisitari gisa, Bilbao Exhibition Centre-en ekainaren 4tik 6ra izango dena. Azpikontratazio industrialarik gabe ez litzateke existituko fabrikazioaren mundua; jakin badakite hori enpresa handiek, eta, horregatik, zalantzarik ez dute topaketa honetara joateko orduan. Gerentzian, zuzendaritzan edo berrikuntza arloan erantzukizunak dituzten exekutiboak haien enpresen beharrei hobeen erantzungo dieten ETEen bila hurbiltzen dira azoka honetara.

Subcontratación azokaren edizio honetan izena eman duten markak hainbat sektoretan nazioarteko mailan oihartzun handiko goi mailako enpresak dira. Aeronautikaren arloan han aurkituko ditugu, besteak beste, Aciturri, Aernnova, ITP edo Bombardier; ekipo-ondasunetan, Ampo, ArcelorMittal, Danobat eta Soraluce; tren-industriako enpresek ere hartuko dute parte, CAFek esaterako, eta automobilgintzako sektoreko hainbat ere aurkituko ditugu bertan, besteak beste: EvoBus, Mercedes Benz España, Iveco España, Grupo Volkswagen-Seat S.A. eta Grupo Gestamp. Energia sektoreari dagokionez, haren ordezkarien artean aurkituko dugu Gamesa Energy Transmission.

Beste aldean ditugu azokaren erakusketa gunean kokatutako enpresa azpikontratistak, zeinak eremuaren % 85 inguru betetzen duten dagoeneko. ETE horiek Subcontratación azoka hiru helbururekin erabiltzen dute: bezero berriak lortzea, haien arteko lankidetza sendotzea eta merkatu gehiagotara iristea. Piezen mekanizazioa eta fabrikazioa, eta baita galdaketa eta txirbil-harroketa gabeko eraldaketa dira, funtsean, erakusketarien jarduera nagusiak, zeinak euren lanak sektore zehatzetan burutzen dituzten. Beraz, eta aipaturiko enpresekin bat eginik, metalezko eraikuntzak, aeronautika eta automobilgintza dira erakusketariaren jomuga sektoreen zerrendan lehenak.

Talde horretan, nazioarteko enpresak nabarmentzen dira, Portugaleko ordezkari ugari hartuko baitira, izan ere, Portugaleko metalurgia eta elektromekanikako hiru elkarteak -AIMMAP, ANEME eta AIDA- lehenengo aldiz elkartu baitira azokara etortzeko. Portugaleko enpresek Subcontratación azoka Estatuko merkatuan sektore horretako ekitaldi nagusitzat hartzen dute eta B2B topaketak “erabakigarritzat” ematen dituzte parte hartzeko. Erakusketa-gunean, hainbat herrialdetako erakusketariak bilduko dira, Portugaletik etorritakoekin batera, esaterako: Alemania, Frantzia, Italia, Austria, India eta Erresuma Batua.

Enpresen errepikapen tasa oso altua da, baina, hala ere, aurten % 35 inguru lehenengoz datoz azokara. Bertan sortzen diren harremanak oso emankorrak izaten dira. Hortaz, eta aurreko edizioan oinarritutako asebetetze mailari buruzko inkestaren arabera, erakusketarien % 68 inguru harremanetan jarri zen bezero potentzialekin, % 53ak eskaerak tokian bertan jaso zituen, eta % 52ak merkataritzako proiektu berriei ekin zien.

Subcontratación ETEei zuzendutako Fabrikaziorako Prozesu eta Ekipamenduen Estatuko Azoka bakarra da. Bertan, erakusketariek eta bisitariek negozio aukera aparta dute, harremanetan jartzea baino haratago heltzeko. Testuinguru honetan, Azpikontratazio Industrialaren Europar Topaketaren XVIII edizioa izango da, Bartzelonako Merkataritza Ganberak antolatua, CámaraBilbao eta Bilbao Exhibition Centre-ekin batera, Espainiako Azpikontratazio Poltsen Sarearen laguntzarekin. Lan topaketa horien eraginkortasunaren isla da 2017an formalizatu ziren 1.224 hitzorduetatik erosleen % 85,2ak “oso pozik” zeudela adierazi zutela inkestetan, eta % 66,7ak, aldiz, elkarrizketatuekin merkataritzako akordioak formalizatuko lituzkeela.

Bestetik, Subcontratación azokaren esparruan, aurten, Polveri & ecoCoating azokaren bigarren edizioa egingo da, non gainazalen tratamenduen eta estalduren inguruko teknologiari eta berrikuntzari buruzko goi mailako hitzaldiak eskainiko diren. Askotariko gaiak landuko dira une honetan ixten ari diren programan: bi geruzako sistemak, hautsa hautsaren gainean, euskarri termosentikorrak, grafitien aurkakoak eta fotokatalitikoak, anodizazio-prozesuak material oso erreaktiboekin edo aurretratamendu nanoteknologikoak eta nanoteknologiak pinturan, esaterako.

Polveri & ecoCoating-en, biltzarrak eta erakusketak tartekatuko dira, eta bertan hartuko dute parte sektoreko makineria, ekipamenduak, kontsumigarriak eta zerbitzuak hornitzen dituzten enpresak.

+INDUSTRY, BALIO ERANTSIA

Bai kongresu honetan bai Subcontratación azokan, sinergia interesgarriak sortuko dira, biak aldi berean izango direlako, BEC barruan, beste sei azokarekin batera, +INDUSTRY eratuz, industriarako fabrikazio-prozesuei eta hornikuntzei buruzko nazioarteko topaketa handiena, alegia. Hornitzaileen mila enpresatik gora hartuko dute parte nazioarteko zazpi azoka biltzen dituen ibilbide bakar honetan: Subcontratación, fabrikaziorako prozesuen eta ekipamenduen inguruan; Addit3D, fabrikazio aditiboa eta 3D inprimaketa; BeDigital, industriari aplikatzeko teknologia digitalen ingurukoa; Fitmaq, aukerako eta bigarren eskuko makina-erremintaren ingurukoa; Industry Tools by Ferroforma, industriarako hornikuntzei eta tresneriari zuzendua; Maintenance, mantentze-lanen eta azpiegituren profesionalentzako networking-a; eta Pumps & Valves, industria prozesuetarako ponpa, balbula eta ekipamenduen sistementzako irtenbideei buruzkoa.

-ek idatzirik |2019-02-26T13:41:49+01:0026 de otsaila de 2019|Albisteak|0 Iruzkinak

Iruzkin bat utzi

Go to Top