Guztira 71 herrialdetako 19.200 profesional bertaratu dira BEC-en fabrikazio adimentsuaren deialdiari erantzunez

Azoka-esparruak sei azoka industrial eta enpleguaren inguruko foro bat antolatu ditu aste honetan

Aste honetan, ekainaren 6tik 8ra BEC-en burutu diren Ferroforma, Subcontratación, Addit3D, Fitmaq, Pumps&Valves eta Maintenance azokei esker, industria hazi egin da, bolumenari, gaitasun teknologikoari eta berrikuntzarekiko konpromisoari dagokionez. Guztira, 71 herrialdetatik etorritako 19.200 profesional bertaratu dira deialdiari erantzunez, Europako hegoaldeko “Smart Manufacturing” alorreko topagune handiena osatuz. Ekitaldira hurbildu diren profesionalen kopurua, gainera, bereziki garrantzitsua da, izan ere, aurten azokak egun bat gutxiago izan du, baina bisitari-kopurua areagotzea lortu du.

Bisitarien jatorrizko herrialde nagusiak Portugal, Frantzia, Estatu Batuak, Italia eta Alemania izan dira. Estatu mailan, profesionalen %70 Bizkaitik kanpokoak izan dira. Horrek esan nahi du industriarekin lotutako azoken bateratze hau urte bakoitietako erreferentziako plataforma nazional gisa sendotzen ari dela. Bisitariak estatuko autonomia erkidego ia guztietatik etorri dira, baina batez ere Kataluniatik, Madriletik eta Valentziako Erkidegotik, Gaztela eta Leon, Kantabria, Nafarroa, Asturias, Galizia eta Aragoirekin batera. Profilari dagokionez, profesional hauek maila kualitatibo handiagatik, lan-esparruen aniztasunagatik eta erabaki-gaitasunagatik nabarmendu dira.

Jardueren eta jardunaldien atalean, astean zehar osotara 706 kongresulari hurbildu dira 121 hizlari adituk hainbat alorren inguruan emandako hitzaldietara, esaterako: 4.0 industria, automobilgintza, merkataritza elektronikoa, fabrikazio aditiboa, estaldura industrialak, galdaketa, ponpak eta balbulak eta mantentze industriala. Hiru jardunaldien arteko espazio bisitatuenetako bat fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren inguruan antolatu den ADDIT3D hitzaldi-esparrua izan da, gaur egun industriak dituen sektore dinamikoetariko bat eta 2016an mundu osoan fakturazioa %17 areagotu zuena, 5.427 milioi eurotara iritsi arte. Halaber, egun hauetan ere izan dira arreta handia bereganatu duten bestelako esparruak ere: Galdaketa Foroa, Ferroforma azokako e-commerce programa, Maintenance kongresuak, fabrikazio adimentsuaren funtsezko elementu diren “IKT eta mantentze prediktiboaren” ingurukoak, Pumps&Valves eta Polveri &ecoCoating jardunaldiak, gainazalen tratamenduan diharduten enpresak lehenengoz bateratu dituen marka.

Gainera, Ferroforma eta Subcontratación azoken barne antolatutako B2B topaketek oso harrera ona jaso dute bi azoka hauetako parte-hartzaileen aldetik, erosle estrategikoak antzemateko prozedura zorrotzari eta elkarrizketa selektiboen kudeaketari esker. Ferroforman, “hosted buyers programme” egitasmoak euskal azoka-esparruraino erakarri ditu 32 herrialdetako hainbat erosle-delegazio gonbidatu eta, osotara, 438 bilera izan dituzte erakusketariekin. Bestalde, Azpikontratazioaren Europar Topaketan 1.500 elkarrizketatik gora kudeatu dira gehienbat Europatik etorritako enpresa kontratistekin, aeronautikaren, trenbideen, siderurgiaren, energiaren, elektrizitate-elektronikaren, makineria eta azpikontratazio orokorraren, automobilgintzaren eta fabrikazio aditiboaren alorretakoak. Topaketa hau Bartzelonako Merkataritza Ganberak antolatu du, Espainiako Azpikontratazio Poltsen Sarearen eta Bilbao Exhibition Centre-n laguntzarekin.

Industriaren susperraldia agerikoa izan da aste honetan Bilbao Exhibition Centre-ko 1., 2., 3. eta 5. pabiloietan. Mundu osoko 1.200 enpresa erakusketarik baino gehiagok parte hartu dute plataforma erraldoi honetan, beren bezeroei fabrikazio industrialarekin lotutako puntako berrikuntzak eta soluzioak eskaini ahal izateko. Sektoreen arteko sinergiak izan dira ekitaldi honen ezaugarri adierazgarrienetako bat. Berez, erakusketariak aldi berean burutu diren gainerako azoketako bezero aktibo bilakatu dira.

Berrikuntzari dagokionez, Ferroforma-ren III. Berrikuntza eta Diseinu Lehiaketa nabarmentzekoa da. Lehenengo saria irabazi duen enpresa Talleres de Escoriaza izan da, ENTR produktuari esker, eta bigarren saria Ugarte Lantegiak enpresari egokitu zaio, BiskaiBolt produktuaren aurkezpenarekin. Bestalde, Faraone Sistema de Elevación enpresari hirugarren saria eman zaio, aurkeztu duten Elevah 40 Move Picking plataforma jasotzaile berritzailea dela eta.

Enpresa txiki eta ertainek industriaren motor gisa duten garrantzia izan da gehien nabarmendu den alderdietako bat ere. Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko Sailburuak, enpresa-profil honen inguruan egin zuen bere hasierako hizketaldia Ferroforma, Subcontratación, Addit3D, Fitmaq, Pumps&Valves eta Maintenance-n inaugurazioan, ekainaren 6an. “Azoka hauetako benetako protagonistak enpresa txikiak dira, enpresa hauek gure enpresa-ehunaren %90 hartzen dute eta ikusgarriago izatea merezi dute, euskal industriaren bihotza eta motorra baitira”. Sailburuak enpresa hauek egindako ahalegina eta lortutako emaitzak goraipatu zituen, 2016ko ekoizpenaren susperraldia indartu baitzuten. Joera hau 2017an ere mantentzen ari da, Eustatek argitaratutako datuen arabera, eta IPIak (industria-ekoizpenaren indizea) %2,4ko hazkunde metatua lortu du.

Bestalde, Workinn-en inaugurazio ofiziala egun bat geroago burutu zen eta Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburua, eta Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saileko Foru Diputatua, izan zituen presidente. Ekitaldian, Mª Jesús San José, Lan eta Justiziako Sailburua ere egon zen. Enpleguaren Foroaren erakusketari eta babesleak oso pozik agertu dira bisitaldien kalitatearekin eta bi jardunaldi hauetan zehar aurkeztutako curriculum vitae-ekin. Horren ondorioz, deialdia berriz ere errepikatuko da datorren urtean, Makina-erremintaren Bi Urtean Behingo Nazioarteko Azokarekin bat etorriz.

Negozioez, prestakuntzaz eta networking-az gain, astean zehar entretenimendurako eta gastronomiaz eta inguruko musikaz gozatzeko aukerak ere izan dira. Jardunaldia amaitzean burutu diren bi ekitaldi sozial nagusiei esker parte-hartzaileek Bilboko hirian barrena bestelako esperientziak bizi ahal izan dituzte eta bisitarien, profesionalen eta kaleko jendearen arteko harremanak sustatu dira, giro lasaiago batean: Get Together with blues&txakoli eta Industry Fest ekitaldiak izan dira horiek, asteartean eta asteazkenean burutu zirenak, hurrenez hurren. Orokorrean eta izan duten parte-hartze handia eta profesionalen nazioarteko jatorria kontuan hartuz, BEC-en burutu diren nazioarteko azoka industrialen inpaktua nabarmena izan da, batez ere hotel, denda eta jatetxeentzat. Hotelen okupazio-maila %100 ingurukoa izan da hiru egunetan zehar.

Azkenik, EMO Hannover azokaren talde antolatzaileak BEC esparruko azoka industrialei onura atera nahi izan zien ekainaren 8an, osteguna, aurtengo edizioa prentsaurreko batekin aurkezteko. Azoka honen aurtengo edizioa irailaren 18tik 23ra burutuko da Alemaniako hirian “connecting systems for intelligent production” lemapean.

-ek idatzirik |2017-06-12T10:30:54+02:0012 de ekaina de 2017|Albisteak|0 Iruzkinak

Iruzkin bat utzi

Go to Top