Megatech talde austriarrak AICn kokatu du bere mundu mailako I+G-ko zentroa

Argitaratua: Enpresa-Garapenerako Euskal Agentzia

Automoziorako osagaiak egiten dituen Megatech Industries AG talde austriarrak Zornotzako (Bizkaia) AIC-Automotive Inteligence Center-en kokatu du bere mundu mailako I+G+B-ko zentroa. Talde austriarraren ezarpen horren berri emateko AICren hirugarren fasearen inaugurazio ofiziala aukeratu da. Bestalde, Gestamp taldeak ere Prestakuntza eta Material Berrietarako bere mundu mailako zentroak kokatuko ditu AICn.

Automoziorako material plastikoetan espezializatutako Megatech Industries AG taldeko zuzendari nagusiak, Maximilian Guessler-ek, azaldu zuen AIC zentroan kokatuko duela ingeniaritzako tekniken garapen arloa eta baita ere logistika eta erosketa arloaren zati bat. Guessler-en iritziz, AIC bezalako zentro bat existitze hutsak erakusten du “Euskadik lider izan nahi duela automozioaren sektorean”. Zentro berri horretan goi-mailako kualifikaziodun 70 profesionalek eta prototipatze ekipoek lan egingo dute.

Megatech Industries AG talde austriar bat da, Vienan du egoitza, bi produkzio fabrika ditu Espainian (Araban eta Vigon) eta beste bana Portugalen, Txekiar Errepublikan eta Brasilen. Horrez gain, ordezkaritzak ditu Alemanian, Frantzian eta Indian eta 1.405 laguneko plantilla mundu osoan. 2013ko ekitaldian 143,63 milioi euro fakturatu zituen eta 2016rako 156 milioi euroraino iristea espero du.

Mediatech Industries enpresak ez eze, Gestamp taldeak ere protagonismo berezia izan zuen AIC zentroaren hirugarren fasearen inaugurazioan, bertan kokatuko baititu bere mundu mailako Prestakuntza eta Material Berrien zentroak. Francisco Riberasek, Gestampeko presidenteak, azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak apustu handia egin duela AIC zentroa sustatzeko, goi-mailako teknologiako topagune bihurtu baita automozioko fabrikatzaileentzat.

Gestamp taldeak bost fabrika ditu Euskadin 1.600 lagun baino gehiagoko plantillarekin, eta Euskadin dauka baita ere Europako zuzendaritza egoitza (20 fabrika daude haren menpe eta 1.800 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean), I+G-ko egoitza eta Teknologia eta Ekipamendu egoitza. Datorren irailetik aurrera jarriko dira martxan mundu mailako prestakuntza zentro berria, GTI berria (Gestamp Technology Institute) eta material berrien ezagutza zentro berria.

Gestamp taldeak presentzia du 20 herrialdetan, 93 produkzio zentro ditu, I+G-ko 12 zentro eta 32.000 lagun baino gehiagoko plantilla. Zenbait kalkuluren arabera, 2014an 6.200 milioitik gorako salmentak izan zituen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu handia

AICk (Automotive Inteligence Center) Zornotzan du egoitza nagusia eta Ermuan beste egoitza bat du. Bizkaiko Foru Aldundiak AICren aldeko apustua egin zuen Euskadiko automozioaren industriari laguntzeko, eta prozesu horretan kontuan hartu zituen baita ere osagaien fabrikatzaileak, azpi-sektore horrek enpresa-ehun zabala izan duelako tradizionalki Euskadin.

Automozioaren euskal sektoreak 13.000 milioi baino gehiago fakturatzen ditu urtean, 300 enpresa inguru barne hartzen ditu eta 75.000tik gora lagun dauzka mundu osoan lanean, 29 herrialdetan kokatuta dituen 230 fabrikaren bidez. Euskadin sortzen duen zuzeneko enplegua 40.000 lanpostu ingurukoa da.

Foru Aldundiak guztira 77 milioi euroko inbertsioa egin du AIC zentroan (42 lehen fasean, 20 bigarrenean eta 15 hirugarrenean), zeinak Europar Batasunaren babesa ere izan baitzuen lehen bi faseetan. Gaur egun AIC zentroko instalakuntzak beteta daude. 650 langile dituzten 27 antolakunde daude bertan kokatuta, horietako batzuk sektoreko euskal enpresak, baina baita ere multinazional garrantzitsuak, hala nola Volkswagen, Toyota, Gestamp, CIE Automotive, e.a.

Automoziorako goi-mailako teknologia zentro hau eraikitzeko ideia 2006an sortu zen, hazkunde ekonomiko bete-betean, hots, krisi ekonomikoa iritsi baino lehen. Hirugarren fasearen inaugurazio ekitaldian, Bizkaiko ahaldun nagusi eta AIC zentroko presidente José Luis Bilbaok gogoratu zuen une hartan Automozio Klusterrarekin (Acicae) elkartu zirela sektoreak zer behar zuen jakiteko eta hogei urte geroago ere punta-puntako sektore izaten jarraitzeko.

Bilbaok azpimarratu zuenez, duela ia hamar urte eginiko apustuaren “fruituak jasotzen ari gara”, eta zentro honi esker “sektore industrial indartsu baten etorkizuna eraikitzen ari gara”, zeinak sustrai sendoak baititu eta “automozioaren sektoreko mapan kokatu baikaitu”, “AIC da berrikuntza arloko gure Guggenheima”.

Hirugarren fasearen inaugurazio ekitaldian 200 lagun inguru elkartu ziren, besteak beste, Euskadiko automozio osagaien enpresetako eta ingeniaritzetako enpresariak eta goi-mailako zuzendaritza-karguak.

Argitaratua: Enpresa-Garapenerako Euskal Agentzia

-ek idatzirik |2015-05-05T10:13:32+02:005 de maiatza de 2015|Albisteak|0 Iruzkinak

Iruzkin bat utzi

Go to Top