Subcontratación: dinamismoa eta bisitari-espektro zabala

Oso azoka dinamikoa, sektore anitzetako bisitarien mugimendu handiarekin. Honela definitu dute Subcontratación aurten 18. ediziora iritsi den azokan parte hartu duten erakusketariek. “Guretzat, publikoki erakusketari izan garen lehenengo aldia izan da”, azaldu du Roberto Gutiérrezek, Ondozabal Group taldeko bulego teknikoko kideak, “eta bisita kopuru handia jaso dugu, askotariko sektoretatik etorriak, bezero berriak eta ezagunak ere bai”. Tamaina handiko doitasunezko mekanizatuan diharduen enpresa honek oso hazkunde azkarra izan du eta lantegi berriak erosi ditu azken urteotan “horregatik orain nahi duguna da makineria guzti horri onura ateratzea, Espainian eta Europan gure enpresa ezagutzera emanez, irudi sendo batekin eta askotariko alorretako profesionalen aurrean: aeronautika, automobilgintza, ekipamendu-ondasunak, energia eta defentsa…”.

Bere aldetik, Geinsa enpresak onura atera dio azokan sortu den espazio espezifikoari, Polveri&Ecocoating, bere 50. urteurrena bezeroekin, ordezkariekin eta hornitzaileekin batera ospatzeko, eta Espainian gainazalen tratamendurako instalazio industrialen fabrikazioan ibilbide luzea duen enpresaren irudia indartzeko ere bai. “Azokan izan dugun parte-hartzea bisitari-zerrenda oso on batekin itxi dugu, izan ere, aurten gure erakustokia gure jarduerarekin zuzenki erlazionatuta zegoen espazio batean zegoen kokatua”, azaldu du Jon Franco Labradorek, enpresako Salmenta Buruak.

Espainiako Merkataritza Ganberako nazioartekotze-departamentuko kide den Ignacio Jimenezek bisitarien kopurua eta kalitatea azpimarratu ditu ere bai, aurten ganbera guztien parte-hartze erkidea planteatu izanaren egokitasuna nabarmentzearekin batera. “Oso azoka ona izan da, lehenengo egunetik, bisitari-mugimendu handiarekin eta kalitate handiko bisitariekin. Guk, ganbera gisa, hornitzaile-bilaketa zerbitzu bat eskaini diegu bisitari horiei. Enpresak oso pozik daude ere azokarekin, topaketetan oso kontaktu onak ezarri baitituzte. Gainera, parte-hartze multzokatuari esker ganberen irudi bateratua emateak indartu egin gaitu enpresei laguntza eskaintzen dien erakunde gisa”.

-ek idatzirik |2017-06-12T11:30:15+01:0012 de ekaina de 2017|Albisteak|0 Iruzkinak

Iruzkin bat utzi